EUSKARA

Jeudi, 27 Novembre, 2014 - 16:30
EUSKARA

Zikloa EUSKARA hizkuntza eta haren kultura · 3 MINTZALDI ARRATSALDE BATEAN
antolatzailea JAUZARREA
laguntzailea ORONA FUNDAZIOA
ORONA IDeO AUDITORIUMA -2014ko AZAROAK 27 · 16:30

PETER BAKKER. Hizkuntzalaria. Aarhuseko Unibertsitatea. DANIMARKA
EUSKARA MUNDUKO HIZKUNTZEN ARTEAN
NOLA ARGITU DEZAKEEN GRAMATIKAK EUSKARAREN JATORRIA

Harremanetan egondako hizkuntzak eta mintzaira berriak ikertu ditu, hala nola pidgina, kreolerak eta mintzaira mistoak. Bere argitalpenetan gai asko jorratu ditu: besteak beste, munduko hizkuntzen egiturazko dibertsitatea (tipologiak), hizkuntzaren aldaketa (linguistika historikoa), eta hizkuntzaren eta kulturaren arteko loturak. Aspaldian erakutsi zuen euskararekiko interesa, eta idazgai izan ditu, adibidez, bai euskararen morfologia, bai Erromintxela (hau da euskararen eta romaniaren arteko hizkuntza mistoa), bai euskara, Atlantikoko (Islandia, Kanada) merkataritza-hizkuntza baten gisara. Orain euskararen jatorriak ditu aztergai, hizkuntzaren egitura egonkorren bitartez. Hitzak alderatuz, hizkuntzalariek hizkuntzen aurreko etapak berreraiki eta esan dezakete bi hizkuntza edo gehiago enbor beretik ote datozen.

Teknika horien bidez, atzera egin dezakegu, baina gehienez ere 6.000 urtez, edo beharbada, 10.000 urtez datu onak erabilita. Handik harata, seinalea ahulegia da. Dena dela, azkenaldiko ikerlan linguistikoek aditzera eman dute hizkuntzen egitura-kontu batzuek askoz ere gehiago iraun dezaketela denboran. Nire aurkezpenean, egitura egonkorrei buruz izan diren aurkikuntzak erabiliko ditut Euskara munduko hizkuntza batzuekin lotzeko –batez ere, Asiako hegoaldean, Ameriketan eta Hegoaldeko Ozeano Barean–.

JUAN MARTIN ELEXPURU. Hizkuntzalaria. Bergara
EUSKARAREN ARRASTOAK SARDINIAN

Juan Martin Elexpuruk azkeneko lau urtean egindako ikerketen berri emango du. Toponimia da bere lanaren oinarria, baina ez ditu alde batera utzi historia, epigrafia, antropologia edo genetika. Datorren urtean edo argitaratuko litzatekeen liburu bat idazten ari da, non mapa toponimikoek pisu handia izango duten. Korsikan eta Italiako iparraldean bila daitezkeen aztarnak ere aipatuko ditu. Aurrekariak.

Ia ehun urte dira Substratu mediterraneo batez mintzatzen hasi zirela hizkuntzalariak. Bertoldi, Hubschmid, Wagner eta beste batzuk kidetasunak ikusten hasi ziren Sardiniako erromantzeko eta euskarako lexikoaren artean: gorosti-golosti, kukulu-kukuru, goi-goni, zakur-giagaru eta abar. Latina nagusitu aurreko paleosardiniera eta gure euskara senideak izan zitezkeen. Azken hamabost urtean, Eduardo Blasco Ferrer katalanak, Cagliariko Unibertsitatean sardinierako eta latineko katedratikoa denak, gaia irauli du. Toponimia aztertuz bereziki, euskal erro eta leku-izen ugari aurkitu du Sardinian, eta islaren kolonizazio nagusia Mesolitikoan Euskal Herria-Iberiatik egin zela proposatu du.

KOLDO ZUAZO. Hizkuntzalaria. Euskal Herriko Unibertsitatea.
EUSKARA BATUA ETA EUSKALKIAK GAURKO GIZARTEAN

Iraganeko eztabaidak ahaztuta, gaur egun inork gutxik jartzen du zalantzan euskara batuaren beharra. Hura erabiltzeko modua eta euskalkiei dagokien balioa eta lekua zehaztea da oraingo kezka. Baita euskara batua tokian tokiko beharrizanetara egokitzea ere.

ORONA IDEO · GALARRETA TEKNOLOGIKO PARKEA · 20120 HERNANI · GIPUZKOA

Sarrera librea · Aldi bereko itzulpena